Sarrera
“Hezkuntza ukatu egin zidaten, beste gauza askoren artean; ukapenak asko iraun zuen, batez ere etxe barruko atxiloaldi luzean. Niretzat, gogorra izan zen pentsatzea beste batzuei utzi egiten zietela eskolara joaten, nik joaterik ez nuen bitartean". [1]
Samah Nasser 17 urteko neskato bat da, Ekialdeko Jerusalem okupatukoa [2]; 2016ko otsailaren 14an, 14 urte zituelarik, atxilotu egin zuten Salah al-Deen kalean. Bi hilabete eman zituen atxikituta, eta gero Jerusalemgo Barruti-epaitegiak ebatzi zuen etxe barruko atxiloaldian jartzea harik eta epaiketa amaitu arte. Urtebete inguru eman zuen horrela, etxetik irten ezinean, eskolara ere ezin zelarik joan. Gainera, etxea ez zen bere familiarena, etxe barruko atxiloaldiaren ezaugarrietako bat izan baitzen bere auzorik kanpo bete behar zuela zigorra. Urtebete igarota, Samah bere familiarenera itzuli zen, baina artean ere debekatuta izan zuen etxetik irtetea, azken bi hiletan izen ezik: handik aurrera, eskolara baino ez zen joan ahal izan. Prozedura legalak 2018ko otsailaren 15ean amaitu ziren; orduan, epaitegiak zortzi hilabeteko kartzelaratzea ezarri zion Samahi, Hasharoneko espetxean. [3] Berriro ere, hezkuntza debekatu zioten; zera adierazi zuen berak: “aldi horretan [gatibualdian], ez nuen jaso inolako hezkuntzarik kartzelako agintarien aldetik. Gainontzeko neska eta emakumeek, neu ere tartean, askotan eskatu zioten irakasle bat espetxeko gizarte-langileari, baina ez zen inor iritsi". [4]
2018an, Jerusalemeko 800 neskato/mutiko baino gehiago atxilotu zituzten, bi atxilotu administratibo barne. [5] Urtea amaitzean, Ekialdeko Jerusalem okupatuko 41 haur, gutxienez, atxilotuta zeuden. [6] Giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen arabera, Palestinako umeek, baita atxilotuta daudenek ere, hezkuntza egokia jasotzeko eskubidea dute; hala ere, eskubide hori ukatu egiten zaie Israelgo espetxeetan. Oro har, ume horiek 20 eskola-ordu jasotzen dituzte batez beste; ohiko eskoletan, aitzitik, 35 bat ordu izaten dira. Kartzeletan, arabiera eta matematikak azaltzen dizkiete, bai eta hebreera ere zenbaitetan; edonola ere, gehienetan eskola horiek ez dira iristen umeen maila pedagogikora, eta, batzuetan, hezkuntzarik bat ere ez dute hartzen. Irakasle falta izaten omen da ikasgaiak eteteko arrazoietako bat. Edonola ere, Inkesta bateko datuek diote umeak adina edota hezkuntza-maila kontuan hartzeke nahasten eta sartzen dituztela ikasgeletan.
Addameer-ek eta TDH Italiak zenbait elkarrizketa egin zituzten Ekialdeko Jerusalem okupatuko haur palestinarrekin, 2018ko irailaren eta abenduaren artean, “Dibertsitatearen balorazioa: hezkuntza arloko esku-hartzea Ekialdeko Jerusalemgo haurrentzat” proiektuaren barruan. Elkarrizketetako batzuk artean umeak atxilotuta zeudelarik egin zituzten, eta beste batzuk behin askatu eta gero. Elkarrizketa horiek erakusten dute umeen % 25ek ez zutela hezkuntzarik jaso atxilotuta egon ziren bitartean, eta gainontzekoek bakarrik jaso zituztela arabiera- eta matematika-eskolak, bai eta, batzuetan, hebreera-eskolak ere. Bestalde, hezkuntza apur hori jaso zutenek desegokitzat eta euren beharrizanetatik urruntzat jo zuten.
Adimena ere espetxeratuta
Agian, kasu dokumentatu horiek ez dute adierazten Ekialdeko Jerusalem okupatuko haur atxilotu guzti-guztien errealitatea, baina arrazoi garrantzitsuak erakusten dituzte argi gera dadin umeen hezkuntzarako eskubidea urratu eta, neurri batean, ukatu egiten dela Israelgo kartzeletan. Bertan ikasgela bakarra egoten da, non arbela, ikasmahaiak eta irakaslearentzako mahaia besterik ez dagoen. Umeetako batzuek bolalumak eta koadernoak jasotzen dituzte, baina oso paper-horniketa eskasa izaten da, ikastaroetako beharrizanen aldean. Hona hemen beste kasu bat: Ahmad Ali, 15 urtekoa, 2018ko uztailaren 18an atzeman zuten, eta guztira 4 hilabete eman zituen atxiloturik; 2018ko irailaren hasieran, Megiddoko kartzelatik atera eta etxe barruko atxiloaldian ezarri zuten. Ahmadek esan zuen ezen “ikastaroa 2018ko irailaren lehen egunetan hasi zen, irakaslea espetxera etortzen hasi zenean. Gure liburuak ez ziren kartzelatik kanpoko eskoletan erabiltzen genituenen antzekoak. Gainera, gogoan dut maistrak kaierak eta bolalumak ekarri zizkigula; baina nahikoak ez zirenez, umeetako batzuek espetxeko kantinan erosi behar izan zituzten”. [7]
Bestalde, eskola horietako hezkuntza ez dator bat umeen maila pedagogikoarekin. Hor dugu, esaterako, Yousef Omarren adibidea: Yousef Ekialdeko Jerusalem okupatuko 16 urteko haurra da, eta gaur egun Megiddon dago; hark zera esan zuen espetxeko hezkuntzaren inguruko axolagabekeriari buruz: "hemen, hezkuntza benetan txarra da, ni ez naiz ezertxo ere ikasten ari. Eskoletan, irakasleek denbora ematen dute gu jolasean jarrita; xakean aritzen gara, edo eskaileraren eta sugearen jolasean; material hezigarria ematen digute, baina horrek ordubete besterik ez du betetzen egunean”. [8]
Palestina okupatuan, bigarren mailako eskola-ziurtagiria lortzeko, "Enjaz/Tawjehi" izeneko azterketa nazional ofiziala gainditu behar da [9]. Azterketa horrek urtebeteko prestakuntza behar du, eta nahitaezko baldintza da unibertsitatean onartua izateko. Israelgo kartzeletan, ez dago baimendurik azterketa hori egitea; hala ere, atxilotuek era ez-ofizialean egin ohi dute. IPS Legeak (Israel Prision Service, ingelesez) —presoen hezkuntzari buruzkoa; 2004an onartua eta 2006an eguneratua— onartu egiten zien gatibuei goi-mailako hezkuntza-tituluak eskuratzea espetxeetan, Tawjehi proba (gaur egun, Enjaz) barne. Aukera hori egikaritu zen IPSekiko lankidetza bidez; IPSek berak zehaztu zuen zein ikastaro zeuden baimenduta eta zein ez, eta kontu bera aplikatzen da liburuekin. Ikastaro eta liburu debekatuen artean hauexek daude: Biologia, Kimika, Fisika, Informatika eta, haien ebaluazio arbitrarioaren arabera, “Israelgo” segurtasuna kaltetu dezakeen edozer. Alegia, ikastaro baimenduak gizarte-zientzien inguruak besterik ez dira.
Hala eta guztiz ere, 2011ko ekainean, Israelgo okupazio-indarrek debekatu egin zuten goi-mailako hezkuntza Israelgo kartzeletako preso palestinarrentzat, Enjaz azterketa barne. Horren arrazoia zigor kolektiboa ezartzea izan zen, Gilad Shalit soldadu israeldarra atzitu izanari erantzun gisa. Orduan, gizarte zibileko zenbait erakundek ahaleginak egin zituzten erabaki hura apelatzeko; hala, helegitea Israelgo Epaitegi Gorenera heldu zen 2015ean, baina haren ebazpena ezezkoa izan zen, debekuari eustea erabaki baitzuen.
Ume palestinar atxilotuek, beraz, espetxe barruan prestatu behar dute azterketa; halaber, eurek antolatu eta egin behar dute proba, era ez-ofizialean aritzen dira-eta. 2018an, Hasharongo neska presoek zailtasun handiak izan zituzten Tawjehi/Enjaz azterketa prestatzeko: alde batetik, ia urte osoan ez zuten izan irakaslerik; bestetik, Israelgo Espetxe Zerbitzuek (ingelesez, IPS) etengabe jazarri zituzten probarako prestatzen ari zirenean. Traba egitearren, eskola autoantolatuak eteten zituzten, zenbaitetan saiatu ziren eskolak debekatzen eta, uneren batean, ikasgela itxi ere egin zuten. Samah Nasserrek, 17 urteko atxilotua, zera adierazi zuen:
“Neska eta emakume gehienek ikasi nahi zuten Tawjehi probarako; eta irakaslerik ez genuenez, presoetako batek hartu zuen bere burua prestatzeko eta azterketak gidatzeko ardura. Hala, eskolak hartu genituen Khalida Jarrar-ekin; hark ingelesa, zientzia eta giza eskubideak irakatsi zizkigun. IPSek, dena den, ez zuten utzi hori dena normaltasunez gertatzen: Khalidari esan zioten ez zeukala baimenik ingelesa eta arabiera irakasten segitzeko. Batzuetan, ikasgela itxi eta galarazten ziguten erabiltzea. Oso eskerdun nago Khalidarekin: hari esker, gaur egun baditut matematika-ezagutza batzuk”. [11]
Beste ume palestinar presoen aldean, “Ofer kartzelan atxilotuta dauden haurrek hezkuntza-programa bereizi batean hartzen dute parte; egitasmo horrek guztiz betetzen ditu ume gatibuen beharrizan emozional eta akademikoak eta, aldi berean, prestatu egiten ditu arrakasta izan dezaten Israelgo matrikulazio-proban”. [12]
Espetxeratzearen inpaktua umeen hezkuntzan
Hezkuntza-prozesua erlazionatuta dago garapen psikologiko, sozial, ekonomiko eta politikoarekin; hazkuntza mental eta fisikoko prozesua da, lotuta dagoena nutrizio-, ingurugiro- eta osasun-baldintzei. PLOn (Palestinar Lurralde Okupatuak), umeak —Ekialdeko Jerusalem okupatukoak barne, jakina— indarkeria-giro batean daude murgilduta. Horrez gain, atxilotuak izanez gero, izugarri nabaritzen dituzte haren ondorioak, oso esperientzia traumatikoa izaten baita. Horren inpaktu sozial eta psikologikoa kartzelan sartzearekin batera hasten da, eta ez da amaitzen askatu arte. [13] Hortik aurrera, ume askok aurre egin beharko diete zenbait arazori: kontzentrazio eskasa, gogoratzeko zailtasuna, desorientazioa, kontrol-galera norberaren erabakiak hartzeko orduan, autokonfiantza astindua eta gehiegizko sentiberatasuna beste pertsonekin erlazionatzean.
Justice Policy Institute-ren ikerketa baten arabera [14], atxiloketak eten egiten du gazteen hezkuntza-prozesua; horren ondorioz, haietako askori kosta egiten zaie ikasketei berrekitea kartzelatik igaro ostean. Kontuan hartuta nolako garrantzia duen presoen aferak Palestinako gizartean eta zein handiak diren kartzelatze-tasak, benetan esanguratsuak dira eskola-uzteari eta eskolara itzultzeko erreparoei buruzko datuak.
Azken estatistikek (2018koak) adierazten zuten eskola-uztearen tasa orokorra (alegia, zenbat gaztek utzi zioten ikasteari hezkuntza-prozesua amaitu aurretik) % 34koa zela PLOko gazteen artean: % 42 gizonezkoen artean, eta % 27 emakumezkoetan. [15] Are gehiago: Jerusalemgo ikasleek pairatu ohi duten indarkeria-giroak berak ere areagotzen ditu eskola-uzte tasak, zeinak % 40ra hurbildu diren bertan; izan ere, ikasleetako askok Israelgo lan-merkatura jotzen dute, lan-esku merke gisa. [16] Eskola-uzte horiek ez dira soilik atxiloketen ondorio, baina atxiloketak badira, izan, ume palestinarren inguruko indarkeria-giroaren osagai nagusietako bat.
Sameer Muhammad Ekialdeko Jerusalem okupatuko gazte bat da, 16 urtekoa. Israelgo okupazio-indarrek atxilotu zuten, eta gero ukatu egin zitzaion hezkuntza-eskubidea. Horren ondorioz, eskola utzi zuen askatu ondoren, eta gaur egun ez dio berrekin nahi bere hezkuntza-prozesuari:
“Megiddon atxilo egon nintzenean, ez nuen batere hezkuntzarik jaso. Beste preso batzuengandik hezkuntza-laguntza hartu nuen, baina espetxetik bertatik ezer ofizialik ez. Ez dakit zergatik. Dena dela, orain ezin naiz itzuli eskolara; aspaldi utzi nuen, eta orain ez zait interesatzen; hala ere, interesa izan nezake baldin eta lanbide-heziketaren bat balego” [17].
Paradigma legala
Israelek badu palestinarren eskubideak errespetatzeko eta defendatzeko betebeharra, hala Zisjordanian (Ekialdeko Jerusalem okupatua barne) nola Gazako zerrendan, potentzia okupatzaile gisa hala baitagokio Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren (NZH) arabera.
Giza eskubideen inguruko zuzenbide nazioartekoa
Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaleko 26. artikuluak (1948ko abenduak onartua) hauxe dio: "Pertsona orok du hezkuntza-eskubidea”, baita askatasunaz gabetuak izan direnek ere. Gainera, Ekonomia-, gizarte- eta kultura-eskubideen Nazioarteko Itunak (EGKENI, Israelek berretsia 1991ko urriaren 3an) bere 13. artikuluan hainbat baldintza onartzen ditu pertsona ororen hezkuntza-eskubidea bermatzeko [18]. Orobat, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak (HEK), 1989ko azaroaren 20an sinatua eta indarrean 1990eko irailaren 2tik aurrera, pertsona ororen hezkuntza-eskubidea bermatzen du. Gainera, Israelgo Gobernuak 1991n egin zuen bat HEKrekin. [19]
Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa
Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean ezarritako eskubideez gain —batez ere, indargabetu ezineko giza eskubideen nukleoa osatzen dutenez gain—, umeek NZHren babesa ere badute. Izan ere, Genevako 4 Hitzarmenetan eta 1977ko euren Protokolo gehigarrietan, 25 artikuluk baino gehiagok berariazko erreferentzia egiten diete lurralde okupatuetako haurrei. Adibidez, Genevako Laugarren Hitzarmeneko 94. Artikuluak zera dio: “Atxiloketa egin duen potentziak barneratuen jarduera intelektualak, heziketa, jolas- eta kirol-jarduerak sustatuko ditu”, eta beren-beregi hauxe zehazten du: “Haurren eta nerabeen heziketa bermatuko da, horiek eskoletara joan daitezen, barneratze-lekuen barrualdean zein kanpoaldean”. Haurren Eskubideen Batzordeak (HEB) ere gomendioak argitaratu ditu, hainbatetan, israeldarrek ume palestinarrei emandako tratuaren gainean. Hala eta guztiz ere, Israelgo okupazio-indarrek segitzen dute ume horien eskubideak sistematikoki urratzen.
Israelgo Legea
Nahiz eta Israel baden estatu kidea Haurren eskubideei buruzko Konbentzioan zein Arraza-bereizkeria mota guztiak ezabatzeko Nazioarteko Konbentzioan (ingelesezko sigla: ICERD), eta, beraz, men egin behar dien bertako xedapenei eta errespetatu nazioarteko ohiturazko zuzenbidea eta NZH, jarraitzen du atxilo palestinarrei eskubideak ukatzen, hezkuntza-eskubidea barne. 1997an, ume gatibu batek, Mohammad Farahat, eta ume palestinar presoen talde batek 97/400 zenbakiko Eskaera aurkeztu zuten Tel Aviveko barruti-epaitegian. Eskaeraren helburua zen IPSen aurkako epaitza lortzea, ume palestinar atxilotuei baimendu zekien hezkuntza-eskubideaz baliatzea, ume israeldarrek egin dezaketen bezalaxe. Justizia-itxuraz, epaileek ebatzi zuten ume palestinar atxilotuek badutela hezkuntza-eskubidea, baina soilik ume israeldar delitugileen neurri berean, eta hezkuntza jaso dezaketela ikasketa-plan palestinar onartuan oinarriturik. Hala ere, ebazpenak zehaztu zuen “eskubide hori segurtasun-baldintzek mugatua dagoela". [20]
Konklusioa
Kartzeletan, ume palestinarrek mugak pairatzen dituzte hezkuntza jaso ahal izateko, Israelgo okupazio-indarrek ezarrita. Israelgo okupazio-indarrek hainbat modutan urratzen dute hezkuntza-eskubidea espetxeetan; izan ere, Israelgo Espetxe Zerbitzuek ezarri dute palestinarren “deshezkuntza”ren politika, nahita. Gainera, Israelgo lege-sistemak ez ditu errespetatzen, ezta betetzen ere, Jerusalemgo umeekiko betebeharrak. Hori guztia, izatez, Israelgo politikaren atal bat baino ez da, helburua izaki giro itogarria sortzea Jerusalemen, palestinarrak gogoz kontra uxatzeko hiritik.
Guk dei egiten diegu Israelgo okupazio-indarren agintariei euren betebeharrak errespeta eta bete ditzaten, nazioarteko estandar legalen arabera.
Halaber, hirugarren estatuei eskatzen diegu haiek ere beren erantzukizunak bete eta Israelgo okupazio-indarrak presionatzeko, horiek euren betebeharrak errespeta ditzaten, nazioarteko arau legalekin bat.