2019ko urriaren 21a
Addameer Giza Eskubideen aldeko eta Presoak Babesteko Elkartearen zuzendari nagusi Sahar Francis andereak bidaia egin zuen Europako Parlamentura, Bruselan, preso politiko palestinarrak espetxe israeldarretan egiten ari diren borroka eta sistematikoki pairatzen dituzten urraketak ezagutarazteko. Izan ere, tortura eta atxiloketa arbitrarioak pairatzen dituzte.
Addameerrek lau eguneko bisita antolatu zuen Europako Parlamentura, Palestinaren aldeko Batzordeen eta Elkarteen Europako Koordinakundearekin (ECCP) elkarlanean. Bertan, Sahar Francisek giza eskubideen aldeko erakundeen lanean egiten ari diren murrizketa gero eta handiagoak izan zituen hizpide, eta, bereziki, Addameerren Ramallahko bulegoetan duela gutxi izandako sarekada, zeinetan armada israeldarrak ezinbesteko ekipamenduak konfiskatu zituen, ordenagailuak, disko gogorrak eta legezko artxiboak barne; oraindik ez ditu itzuli. Horrez gain, Saharrek preso palestinarrek 2019an nozituriko urraketa garrantzitsuenak aipatu zituen: atxiloketa arbitrarioak, tratu txarrak eta tortura, zabarkeria medikoa eta israeldarren bestelako jardunbideak.
Halaber, Europako Parlamentuko kideekin eta hainbat batzorde, talde eta alderditakoekin bildu zen, Palestinarekiko Harremanetarako Batzorde eta Kanpo Gaietarako Batzordekoekin, kasurako, bai eta Europar Batasuneko Estatuen ordezkariekin eta Belgikako Parlamentuko Europako Alderdi Berdeko kide batekin ere.
Bilera horietan, Addameerrek preso palestinarren borrokari buruzko txostenak banatu zituen, bereziki duela gutxiko tortura-kasu, administrazio-atxiloketa eta gose-grebei buruzkoa, hala nola giza eskubideen aldeko erakunde palestinarren aurkako errepresioaren gainekoa.
Adameerrek eskaera egin zuen EBko Parlamentuan gai horiei buruzko eztabaida serioa eta eraginkorra egin dadin, eta estatu kideek neurri eraginkorrak ezar ditzaten ziurtatzeko Israelek, Potentzia okupatzailea den heinean, nazioarteko zuzenbidearen araberako betebeharrak beteko dituela eta urraketa larri bezain sistematikoen kontu emango duela.