2019ko uztailaren 7an, igandean, Addameerreko abokatuak Huthaifa Halabia, Mustafa Hassanat eta Mohammed Abu Akkar presoak bisitatu ahal izan zituen, okupazioak Naqaben duen espetxean. Gaur, hiru presoak beren lehen greba-astebetea betetzear daude, atxiloketa administratiboen politika salatzea eta beren askatasuna eskatzea xede. Addameerreko abokatuak jakinarazi zuen hiru presoek ura besterik ez dutela edan, gatzik edo bestelako gehigarririk gabe, uztailaren 1ean greba hasi zutenetik. Era berean, giltzaduretan, urdailean eta buruan mina dute, ahul daude eta pisua galtzen ari dira. Oraindik ez diete osasun-azterketarik egin, eta espetxeko klinikak boikotatzeko asmoa dute.
Neurri errepresiboak
Gainera, gose-greba hasi zutenetik, espetxeko administrazioak neurri errepresiboak ezarri dizkie hirurei, greba egiteari utz diezaioten. Addameerreko abokatuak esan zuenez, gose-greba hasi eta gero presoak isolamendu-ziegetara eraman zituzten, non ez dauden gizakion beharrak asetzeko elementurik oinarrizkoenak. Hilabetez, bisitak eta kantina ukatu zitzaizkien, eta egun berean bost bider pairatzen zituzten sarekadak eta beren ziegen ikuskapenak. Espetxeko administrazioak, era berean, greban zeuden presoen lastairak konfiskatu zituen, egunero, 06:00etatik 19:00etara. Une honetan, Addameerreko abokatuak ez du inolako erantzunik jaso gose-greba egiten ari diren hiru presoen eta espetxeko administrazioaren artean negoziatzeko. Azpimarratzekoa da Mustafa Hasanatnek gose-greba egiten hasi baino lehenagotik boikoteatu izan dituela auzitegi militarrak.
Egun, zazpi preso ari dira atxiloketa administratiboren aurkako gose-greba egiten, Jafar Ezeddin eta Ihsan Othman barne ─ekainaren 16tik daude greban─, hala nola Ahmad Zaharan ─ekainaren 20tik─. Bost presok (Mahmoud Fasfoos, Kayed Fasfoos, Abdelaziz Suweiti, Ghadnafar Atwan eta Saed Namoureh) bertan behera utzi zuten greba, joan den uztailaren 4an, espetxeko administrazioarekin haien administrazio-atxiloketa berritzea gerarazteko akordioa egin eta gero.
Addameer Giza Eskubideen aldeko eta Presoak Babesteko Elkarteak erabat babesten ditu greba egiten ari diren presoen eskaerak, eta gose-greba egiten ari diren presoen bizitzaren eta segurtasunaren gaineko erantzukizun osoa estatu okupatzailearena dela dio, baita preso horiei eta beren eskaerei emandako erantzun berantiarraren ondoriozko osasun-egoeren gainekoa ere. Addameerrek nabarmentzen du atxiloketa administratiboen politika baliatzen dela palestinarrei errepresioa eta zigor kolektiboa ezartzeko, eta horrek nazioarteko arau guztiak urratzen dituela eta gerra-krimena izan daitekeela. Testuinguru horretan, Addameerek galdegiten die bai nazioarteko komunitateari bai Genevako Lau Hitzarmenak sinatu dituzten estatu guztiei estatu okupatzaileari kargu hartzeko eta presioa eragiteko, greba egiten ari diren presoen eta beren eskubideen aurkako urraketak egiteari utz diezaion, atxiloketa arbitrarioen politika eten dezan, atxilotu administratibo guztiak aska ditzan eta preso palestinarren eskubideak berma ditzan, nazioarteko zuzenbidearen izenean.