PHROCek Sami Abu Diyak preso palestinar gaixoaren heriotza gaitzetsi du

Gaur, 2019ko azaroaren 26an, Sami Abu Diyak preso palestinarra al-Ramlehko espetxeko klinikan zendu da.

 

Abu Diyak 2002ko uztailaren 17an atxilotu zuten; sarekada hartan, haren bi lagun erail eta beste bat zauritu zituzten. Ondoren, Diyaki itaunketa trinkoak egin zizkioten Jalamehko itaunketa-zentroan, non hainbat tortura fisiko eta psikologiko mota jasanarazi zioten. Itaunketek iraun zuten denboran, hiru aldiz eraman behar izan zuten ospitalera, torturaren ondorioz, eta, aldi guztietan, Israelgo okupazio-indarrek atzera galdeketa-geletara eraman zuten ospitaletik atera bezain laster. 75 egunez itaunketa eta tortura luze bezain latzak pairatu ondoren, okupazio militarraren auzitegiak hiru biziarteko kartzela-zigorrera eta 30 urteko espetxealdira kondenatu zuen Sami Abu Diyak.  17 urte bete ditu, asko eta asko espetxe barruan eta kartzela, klinika eta ospitale artean.

2015ean, Rimongo kartzelan zegoela, sabeleko mina sumatu zuen. Hango klinikan, analgesikoak eman zizkioten, egoki diagnostikatu barik; bi aste geroago, konortea galdu zuen, eta orduan Sorokako ospitalera eraman zuten. Han, ebakuntza egin zioten, apendizea kentzeko. Bi egunen buruan, eta 48 orduan, bost joan-etorri egin behar izan zituen Ramlahko espetxeko klinikatik Sorokako ospitalera, baina ez zioten diagnostikorik egin, etengabe minak egon arren. Seigarren aldian, Assaf Harofeh erietxera eraman zuten: sartu bezain pronto, ebakuntza egin eta 30 cm heste kendu zizkioten, minbizia diagnostikatuta. Ospitale horretan egon zen denboran, lau hilabetean, lau ebakuntza egin zizkioten. Haren osasun larria are gehiago larriagotu zuten bai diagnostiko okerrak bai apendizektomiak, Sorokako ospitalean aurretik egindakoak, eta 34 egunez koman egon zen. Gero, Ramlahko espetxeko klinikan berriro, kimioterapia jaso zuen 8 hilabetez. Ondoren, berriro eraman zuten Rimongo presondegira. 2017an, mina jarri zitzaion berriro, eta Ramlahko espetxeko klinikara eraman zuten beste behin. Proba batzuk egin ostean, minbizi-masa bat topatu zioten urdailean. Azken bi asteetan, behin eraman zuten Assaf Harofeh ospitalera, eta gero atzera al-Ramlahko espetxeko klinikara, zeinak ez duen arreta medikoa emateko estandar egokirik.

Abu Diyak barne, 222 preso hil dira espetxean 1967az geroztik, eta horietatik 67 zabarkeria medikoaren ondorioz. Azken bostak 2019an:  Faris Baroud (51 urte), zeina 28 urte egon zen kartzelan, 17 isolamenduan, zabarkeria medikoagatik zendua; Nassar Taqatqa, torturaren eta galdeketetan jasan izan zituen egoera larrien ondorioz hila; Omar Younis, atxilotu zutenean benetako munizioarekin apuntatu zutelako zendua; eta, azkenik, Bassam al-Sayeh eta Sami Abu Diyak, zabarkeria medikoaren ondorioz hilak.

Samiren heriotza kontuan hartuta, Israelek 51 preso palestinarren gorpuak atxiki ditu 2015. urtetik.  Bost preso hauek, Aziz Ewisat, Faris Baroud, Nassar Taqatqa, Bassam al-Sayeh eta, gaur, Sami Abu Diyak, Israelgo espetxeetan hil dira. 2019ko irailaren 8an, Israelgo Auzitegi Nagusiak palestinarren gorpuak atxikitzeko politika israeldarra onartu zuen, Palestinako lurralde okupatuan aurretik ere baduena historia luzea [1].

700 bat preso daude gaixorik, nor bere eritasunak jota. Preso palestinarren aldeko erakundeen dokumentazioaren arabera, 26 emakume preso daude gaixo, eta 160 gizonezko presok etengabeko arreta medikoa behar dute. Horietako hainbaten artxibo medikoak itxi egin zituzten, haien osasun-egoerarako tratamendurik ez dagoelako aitzakiaz.

Zabarkeria medikoa Israelen politika bihurtu da, preso palestinarren kontra sistematikoki erabilia; hortaz, nazioarteko erakundeek, GGNB eta OME barne, presioa eragin beharko lukete okupazio israeldarraren agintariek beren krimenen kontu eman dezaten.