Zortzi egunen buruan, gatibu palestinarrek bertan behera utzi zuten gose greba irekia: garaipena lortu zuten, urraketa sistematiko asko pairatu ostean beren oinarrizko eskubideak berreskuratuta. Urraketa horiek ugaldu egin ziren Okupazioko Barne Segurtasuneko ministroak eraturiko batzordearen aholkuak argitaratu ondoren, zeinen helburua baitzen gatibu palestinarrei are murrizketa handiagoak ezartzea atxilotuz gero.
Preso Palestinarren Egunaren urteurrenean, Addameer elkartearen erregistroak adierazten du 2019ko martxoaren amaierarako bazeudela 5.450 preso palestinar okupazioko kartzeletan; kopuru horretan sartzen ziren 497 atxilotu administratibo, 49 preso emakumezko, Parlamentuko —Palestinako Kontseilu Legegileko— 7 kide eta 205 atxilotu gazte (tartean, 16 urtetik beherako 32 ume). DCI-Palestine elkartearen arabera, okupazio-indarrek 10.000 haur palestinar atxilotu dituzte 2000. urtez geroztik; gero, ume horiek epaitegi militarretan epaitu izan dituzte, baina epaiketa bidezkoa izateko eskubiderik gabe. Ume palestinar atxilotuek torturak eta tratu ankerrak pairatzen dituzte zaintzapean daudenean edota itaunketetan, nahiz eta egoera horrek urratzen dituen umeen inguruko nazioarteko arau eta konbentzio guztiak. Ume atxilotuak sekzio bereizietan edukitzen dituzte Ofer, Meggido eta Damon espetxeetan. Haietako batzuk Damon espetxera bideratu dituzte orain dela gutxi, han bizi-baldintza minimorik ez badago ere.
Okupazio-espetxeetako atxilotuetako askok, gizonezkoek zein emakumezkoek, zabarkeria medikoa pairatzen dute, eta horrek gaizkoatu egiten ditu haien osasun-baldintzak. Hurriyat-en arabera, 750 preso baino gehiago gaixorik daude okupazio-espetxeetan: horietatik 350ek gaixotasun kronikoak dituzte; 7k, minbizia; 8k, tumoreak; 23k, begiko eritasunak; 30ek, bihotzeko gaitzak; 24k hipertentsioa eta diabetesa; 5ek, eritasun kardiobaskularrak; 11k, desgaitasuna; 37k, osteopatia; 12k, giltzurrunetako gaixotasunak; 28k, barneko gaitzak; 23k, gaixotasun psikologiko eta mentalak; 18k arazoak dituzte arnasa hartzeko; eta 61ek, bala-zauriak.
Israelgo Okupazioko Barne Segurtasuneko ministroaren batzordearen (“Erdan batzordea”ren) aholkuak
Gilad Erdan Okupazioko Barne Segurtasuneko ministroak batzorde berezi bat sortu zuen 2018ko uztailean, eta, besteak beste, Knesset-eko zein inteligentzia-agentziako kide batzuk sartu zituen bertan. Batzordearen helburua da preso palestinarren atxilotze-baldintzak ebaluatzea okupazio-espetxeetan, eta, ondoren, bitartekoak identifikatzea baldintza horiek gutxieneko mailara okertzeko. Horri begira, batzordeak preso palestinarren baldintzak aztertu eta hainbat bisita egin zituen kartzeletara. Ostean, zera aholkatu zuen: komeni zela murrizketa gehiago ezartzea okupazio-espetxeetako preso palestinarrei. Horren ondorioz, okupazio-agintariek eraso sistematikoak hasi zituzten presoen kontra, batzordearen aholkuak aitzakia gisa hartuta.
Gatibu emakumezko palestinarrak izan ziren lehenak zigor-neurriak pairatzen
Kamerak berriro piztu ziren Hasharon espetxean. Urte askoan kamerak itzalita egon ziren, 2011n emakumezko presoek eta espetxeko administrazioak itun bat lortu zutenetik. Logikoa denez, preso palestinarrek uko egin zioten kamerak berriro pizteari eta beren aisialdiko jarduerekin jarraitzeari. Bi hilean. Hori ere batzordearen aholkuen araberako zigor-neurrietako bat izan zen; izan ere, Erdan batzordeak bisitatua zuen Hasharon espetxea, non emakumezko preso palestinarrak dauden atxilotuta.
Emakumezko presoek, halaber, gutun bat bidali zuten, adierazteko ez zirela joango kamera bidez zelataturiko aisialdi-guneetara; izan ere, haien ustez, kamerak berriz pizteak murriztu egiten zuen atxilotuen pribatutasuna. 2018ko irailaren 20an, Okupazio-Inteligentziak proposamen bat egin zuen: kamerak bi ordu eta erdiz itzaltzea, presoek aisialdiaz goza zezaten; atxilotuek, ordea, muzin egin zioten eskaintzari, denbora hori nahikoa ez zelakoan. Horren ondorioz, kamerak bi ordu eta erdiz amatatzeko eskaintza hari uko egiteagatik, mehatxu egin zieten Damon espetxera bidaliko zituztela. Eskaintza bertan behera geratu zen, eta bi hilean presoek protestak antolatu zituzten kameren funtzionamendua zela-eta. Azkenean, 2018Ko azaroan, denak lekuz aldatu zituzten Damonera, non ez dagoen bizi-baldintza minimorik.
Unitate bereziak espetxeetara eraso egiteko eta gatibuak zapaltzeko
Espetxeetako administrazioak ikuskapen probokatzaile eta bat-batekoak egin zituen zenbait kartzelatan, atxilotuei are murrizketa gehiago ezartzeko politikaren barruan. Hori egikaritzeko, unitate bereziak ustekabean sartzen ziren kartzeletan —batez ere Ofer, Naqab eta Rimon espetxeetan—, eta eraso egiten zieten presoei, makilez hanketan eta besoetan joz. Txakur militarrak ere erabili zituzten espetxe barruko sarekadetan, bai eta gomazko balak, gas negar-eragileak eta zorabiatzeko granadak ere. Horren guztiaren ondorioz, espetxeko ziegek kalteak izan zituzten gune askotan eta presoen ondasunak arpilatu zituzten. Tentsioa izugarri handitu zen Naqab eta Rimonen, eta telefono-blokeoa ezarri zuten bertako zenbait tokitan; horren erruz, deuseztatu egin zen sakelako telefonoak, irratia eta telebista erabiltzeko aukera, eta presoek galdu egin zuten espetxetik kanpoko munduarekin erlazionatzeko eskura zuten bide bakarra. Opresioaren ondorioz, preso batzuk zauriturik suertatu ziren, eta batzuk ospitaleratu behar izan zituzten; hala ere, atxilotu palestinarrek oraindik pairatzen dituzte beren zauriak, orduan ez zeukatelako osasun-arreta nahikorik eta orain ere berariazko zabarkeria medikoa pairatzen dutelako okupazio-agintarien aldetik. Unitate bereziak kartzeletan ustekabean sartzeak beste zigor-neurri batzuk ere ekarri dizkie presoei: batzuk beste espetxe batzuetara eraman dituzte; beste batzuk bakarka giltzapetu dituzte; oro har, presoei debekatu egin diete beren abokatuekin biltzea, isun handiak ezarri dizkiete eta ahaideen bisitak galarazi dituzte.
Karameh-eko 2. gudua: gatibuen bidezko mugimendua murrizketen aurka
Presoek gose-greba irekia hasi zuten beren bidezko eskaerak bete zitezen. Hain zuzen, ere, greba hasi zen presoen ordezkarien eta kartzeletako administrazioaren arteko negoziazioek (espetxeetako bizi-baldintzei buruzkoak) porrot egin ostean —porrotaren arrazoi nagusia zera izan zen: are murrizketa gehiago ezarri zizkietela atxilotuei; presoek, baina, Erdan batzordearen aholkuak egikaritu aurreko egoerara itzuli nahi zuten—. Gose-grebari amaiera emateko, presoek hainbat eskaera aurkeztu zituzten; besteak beste, honako hauek zeuden:
- Erdan batzordearen aholkuak bertan behera uztea, baita presoei murrizketa gehiagorik ez ezartzea ere, batez ere janariari, kantinari, espetxe barruko aisialdiari, liburuei eta hezkuntzari dagokienez. Presoek adierazi zuten janari-errazioak murriztu egin zirela Erdan batzordearen aholkuak aplikatzearen ondorioz, eta murrizketak egon zirela, era berean, hezkuntzan eta liburuak eskuratzeko orduan. Izan ere, zenbait espetxetan konfiskatu egin zituzten hezkuntzarako liburuak, eta testuliburu guztiak debekatu. Horrek ekarri zuen gatibuen familiek ezin eraman ziezaiekeela libururik beren seme/alaba atxilotuei.
- Ziegak blokeatzeko dispositibo guztiak ezabatzea; horiek berriki instalatuak zituen espetxe-administrazioak Rimon eta Naqab kartzeletan.
- Telefono publikoak jartzea kartzeletan; horrela bermatuko zen presoen eskubide naturala beren familiekin eta kanpoko munduarekin erlazionatzeko, nazioarteko hitzarmen eta itunek aurreikusten duten bezalaxe.
- Bisita-eskubidearen debekua bertan behera uztea (ehunka presori eragiten ziena), bai eta espetxe-administrazioak 2014tik jarritako zigor kolektiboei [1] amaiera ematea ere.
- Espetxe-administrazioak berriki ezarritako zigor-neurriak bertan behera uztea, batez ere abian jarri zirenak Naqab, Ofer eta Rimon kartzeletako presoen kontrako sarekada- eta opresio-kanpainen ondorioz; halaber, eskatzen zuten presoak atzera eramatea euren lehengo sekzioetara.
- Baldintza humanitarioak bermatzea Mi’bar-en [2] eta presoak garraiatzeko moduak hobetzea, batik bat gatibu gaixoen kasuetan.
- Preso emakumezko palestinarrak beste espetxe batera bideratzea, non baldintza humanitario nahikoak egongo diren. Guztira, 49 gatibu emakumezko daude, den-denak Damon espetxean, gutxieneko bizi-baldintzarik gabe. Lehen, Damon espetxea tabako-biltegi eta zalditegia zen; hortaz, jatorrian, espetxearen egitura diseinatuta zegoen barrualdean hezea izateko, ez inondik inora gizakiak gordetzeko.
- Ume atxilotuen espetxe-baldintzak hobetzea.
- Zabarkeria medikoaren politika amaitu, eta gatibu erien zein presoen kontrako azken erasoetan zauriturikoen tratamendua bermatzea.
- Bakartze-politika bertan behar uztea: espetxe-administrazioak preso palestinarrak bakartze-erregimenean ipintzen ditu segurtasun-arrazoiengatik, zio psikologikoengatik edo zigor-neurri gisa kartzela barruko diziplina-hutsengatik. Horrelakoetan, presoa ziega batean sartzen dute, non soilik eduki ahal duen bere arropa, lastaira bat eta manta bat. Bakarkako konfinamenduek epaileen aginduetan izaten dute oinarri, legeak baimentzen baitu epaitegi militarrek 6 hilabeteko bakartze-erregimenaz zigortzea atxilotuak; halaber, legearen arabera, epaitegiek 12 hilabeteko zigorra ere ezar diezaiekete presoei, betiere ziegan beste gatibu batekin egoten badira. Epaitegiek luzatu ditzakete bakarkako konfinamenduak aldi gehigarriak edo aldi mugagabeak ezarrita.
Bene-benetan, Espetxe-agintaritzako ofizialek zigor-neurri gisa baliatzen dute bakarkako konfinamendua preso palestinarren aurka, batez ere liderren kontra; helburua izaten da haiek ezegonkortzea eta komunikatzeko eskubideaz gabetzea familiarekin zein espetxetik kanpoko munduarekin. Israelgo Espetxe-agintaritzako ofizialek, era berean, bakarkako konfinamendua erabiltzen dute, atxilotuen aurka, haiek azpiratzeko, haien antolaketa-ahalmena ahultzeko, banatzeko eta euren eskubideen aldeko borroka antolatzeko gaitasuna deuseztatzeari begira, nahiz eta Genevako Hirugarren eta Laugarren Hitzarmenek eta giza eskubideei buruzko bestelako nazioarteko itun batzuek bermatu gerra-gatibuek eta askatasunaren aldeko borrokalariek horrelako eskubideak izan behar dituztela.
Atxiloketa administratiboa: kargurik eta epaiketarik gabeko atxiloketa
Preso palestinarren aurkako okupazio arbitrarioaren politika ez da soilik nabaritzen atxiloketa-baldintzetan: atxilotu administratiboei ere eragiten die; arbitrarioki daude atxilotuta, nahiz eta egoera horrek nazioarteko hitzarmen eta itunak urratu. Okupazio-indarrek atxiloketa administratiboa era sistematiko eta ilegalean erabiltzen dute: palestinarrak kargurik eta epaiketarik gabe atxilotzen dituzte, artxibo edo ebidentzia sekreturen bat aitzakia hartuta, ez atxilotuek ez euren abokatuek ez dutelarik hura egiaztatzerik. Horrez gain, Israelgo agindu militarren arabera, atxiloketa administratiboa mugarik gabe berriztu daiteke. Sei gatibu palestinar gose greba irekian egon dira, protesta gisa, atxiloketa administratiboaren politikaren aurka, eta neurri hori bertan behera uzteko eskatu dute. Hauexek izan dira: Hasan Ewiwi eta Husam al-Ruza (azken horrek 2019ko martxoaren 20an ekin zion gose-grebari), Eshel espetxean daude egun; Khaled Faraj eta Mohammad Tabanja atxilotu administratiboak 2019ko martxoaren 26an hasi ziren gose-greban, eta Naqab espetxean daude, bakarkako konfinamenduan; Dahood Odwanek 2019ko martxoaren 1ean ekin zion gose-grebari; Oda al-H’roob gose-greban egon zen 2019ko apirilaren 1etik aitzina.
Okupazio-agintaritzak debekatu egiten die, gose-greban dauden presoei, espetxetik kanpoko munduarekin edozein modutan komunikatzea, eta murriztu egiten ditu euren abokatuen bisitak. Beraz, Okupazio-agintaritzak ez dio inolako jaramonik egiten abokatuarekin biltzeko eta hari kontsultatzeko oinarrizko eskubideari, nahiz eta horixe bermatu nazioarteko zenbait hitzarmen eta itunek.
Genevako Laugarren Hitzarmenak eta bidezko epaiketen prozedurei buruzko nazioarteko beste arau batzuek argi uzten dute debekatuta dagoela atxiloketa administratiboa erabiltzea epaiketaren ordez. Horrek berresten du atxiloketa administratiboa, Okupazioak erabiltzen duen moduan, atxiloketa arbitrarioa dela, bateraezina nazioarteko lege eta arauekin.
[1] Murrizketak, gero eta handiagoak, maiz gertatu dira: esaterako, 2014an (3 kolono israeldar desagertu zirenean Zisjordanian) edota arestiko Gazako Gerran. Presoen eskubideetako asko mugatuta daude, hala nola: preso batzuei debekatu diete ahaideen bisitak jasotzea, eta beste batzuei soilik uzten dizkiete aldizka edo era irregularrean. Gazako presoek gero eta murrizketa handiagoak jasaten dituzte: bisitak bi hilean behin izaten dira, ez hilerokoak lehen bezala; lehen, 10 kanal ikus zitzaketen satelite bidez, eta orain 3 besterik ez; orain, 2 orduz besterik ezin dira ibili, egunero, espetxeko patioan; kantinan jaitsi egin diete gehienezko erosketa-muga, 1200 NISetik 800 NISera...
[2] Kartzela horretan edukitzen dituzte gatibu palestinarrak, espetxe batetik beste batera garraiatzen dituztenean.
[1]Increasingrestrictions on Palestinian prisoners has occurred frequently including in 2014 when three Israeli settlers disappeared in the West Bank and during the recent war on Gaza. Many of the prisoners’ rights were restricted such as banning family visits to a number of prisoners or making such visits intermittent or irregular. Gaza prisoners face increasing restrictions on visits by their families making such visits bimonthly rather than monthly. The number of satellite channels prisoners could watch in prison was reduced to 3 out of 10. The prison yard walk time was reduced to two hours per day and shopping at the cantina limit was reduced from NIS 1,200 to a maximum of NIS 800.
[2]This is the prison where Palestinian prisoners are held while being transferred from one prison to another.